Blog

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin matematika lantzeko karta-joko dibertigarriak

LH · 2024-07-02 · Aritz Larreta, Ikaselkarreko egilea

Compartir

Karta-jokoak baliabide ezin aproposagoak dira jolastu bitartean matematika lantzeko. Hona hemen 3 karta-joko proposamen kopuruen kontaketa, buru-kalkulua eta beste hainbat kontzeptu barneratzeko. Jokatzeko prest?

Arrazoiketa logikoa eta estrategia garatzeko tresna ezin hobeak dira jokoak, eta baita eduki matematikoak mobilizatzeko eta mekanizatzeko ere.

Karta-jokoan aritzea izan daiteke horretarako aukera egokia. Gainera, karta-sortak eskuratzen errazak dira eta edonora eraman ditzakegu. Manipulazioaren eta jolasaren bidez, zenbakiak, formak, kopuruen kontaketa, buru-kalkulua eta beste hainbat kontzeptu barneratuko dituzte haurrek.

Jarraian 3 karta-joko proposamen dibertigarri egingo dizkizugu. LHko Kimu Matematika proiektuaren baitan Ikaselkarrek sortu dituen Konta-kontari karta-sortak erabiliko ditugu horretarako. Halere, eskura dugun beste edozein karta-sortak ere balio du. Jokatzeko prest?

Ezetz 10 lortu! · 2-8 lagun | 10-15 minutu

4-6 adin tarterako

  • Zifradun kartak kenduta jolastuko dute.
  • Kendu gabeko kartak buruz behera jarri eta sakabantu egingo dira.
  • Helburua da kartak banan-banan buruz gora jarri eta 10ekoa lortzea.
  • 10ekoa osatzen duenak, erabilitako kartak eskuratuko ditu; lortzen ez badu, erabilitako kartak buruz behera jarri beharko ditu berriz.
  • Buruz gora jarritako kartetako bat komodina bada, ordura arte eskuratutako karta guztiak galduko ditu. Galdutako kartak aparte utziko dira.
  • Jokolariaren arabera, 5ekoa lortzera ere jolas liteke. 5ekoa lortzera jolastuz gero, 5 baino handiagoak diren kartak kendu behar dira.

6-8 adin tarterako

  • Karta guztiekin jolastuko dute.
  • Jokalariak karta bat buruz gora jarriko du.
  • Helburua da buruz gora jarritako lehenengo kartak adierazten duen kopuru bera lortzea.
  • Hurrengo kartak buruz gora jarrita kopuru horretara iristea lortuz gero, erabilitako kartak eskuratuko ditu.

8-10 adin tarterako

  • Karta guztiekin jolastuko dute.
  • Helburua da kartak banan-banan buruz gora jarri eta 20koa lortzea.

Konta-kontari sugea · 4-6 lagun | 10-15 minutu

4-7 adin tarterako

  • Banatu launa karta kokalariei.
  • Txandaka, sugea osatu behar dute.
  • Helburua da karta guztiak ahalik eta azkarren jartzea.
  • Sugean karta gehitu ahal izateko, baldintza hau bete behar da: aurrekoaren palo berekoa izatea edo, beste palo batekoa bada, kopuru bera izatea. Jokalariak bi baldintza horietakoren bat betetzen duen kartarik ez badauka, beste karta bat hartuko du karta pilatik. Hori ere bota ezin badu, txanda-pasa egingo du.
  • Komodinak bi funtzio ditu: sugera gehitzeko katratik izan ezean komodina gehitu ahal iztea edota beste kjokalari bati bi karta harraraztea.

7-10 adin tarterako

  • Sugean karta gehitu ahal izateko, baldintza hau bete behar da: aurrekoaren palo berekoa izatea edo, beste palo batekoa bada, kopurua bat handiagoa ala txikiagoa izatea.
  • Botatzen den karta 7koa bada, gehitzen den hurrengoa palo bereko edozein edo palo desberdineko bi handiagoa ala bi txikiagoa izan behar da.

Zehatz-mehatz · 4-5 lagun | 10-15 minutu

6-8 adin tarterako

  • Jokalari bakoitzak, txandaka, karta bat aterako du. Helburua da beste bost karta atera, eta karta horiekin batuketak eta kenketak eginez, hasierako kartan ateratako kopurua lortzea.
  • Ahal den karta kopuru handiena erabili behar da, erabilitako karta kopurua adina puntu lortuko baitira.
  • Hasi aurretik, taldean adostu behar da jokaldi kopurua. Jokaldi guztiak egin ondoren puntu gehien duenak irabaziko du jolasa.

8-10 adin tarterako

  • Jokalari bakoitzak, txandaka, bi karta aterako ditu. Bi karta horiekin bi zifrako zenbakia osatu behar dute. Adibidez: 2 eta 8 ateraz gero, 28.
  • Helburua da beste bost karta atera, eta karta horiekin batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak eginez, hasieran osatutako zenbakia lortzea.
  • Hasi aurretik, taldean adostu behar da egingo duten jokaldi kopurua. Jokaldi bakoitzean, lortu beharreko zenbakira arteko diferentzia kalkulatu behar da, eta jokaldi guztiak egin ondoren diferentzia gutxien pilatzen duenak irabaziko du jolasa.

 

Kimu Matematika proposamenari buruz gehiago nahi al duzu? Jarri gurekin harremanetan eta gustura joango gara zure zentrora ikamateriala aurkeztu eta erakustera.