Blog

UEUk, Elkar Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak antolatuta, euskal curriculumari buruzko jardunaldian parte hartuko du Ikaselkarrek, ekainaren 29an

Ikaselkar · 2022-06-02 · Ikaselkar

Compartir

Euskal curriculumari buruzko gogoeta zabaltzeko asmoz, jardunaldia antolatu dute UEUk, Elkar Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak, "Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak" izenburupean. Ekainaren 29an egingo da, Donostiako San Telmo museoan.

Ekainaren 29rako UEUk, Elkar Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak euskal curriculumaren inguruan antolatu duten jardunaldian parte hartuko du Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak. "Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak" izenburupean, jardunaldiaren asmoa curriculumaren gaineko gogoeta zabaltzea da, eta gaur egungo errealitatera egokitu behar bada, zein eremutan egin beharko litzatekeen identifikatzea. Eta urteotan izan duen baino erreferentzialtasun handiagoa behar badu, hori nola lortu aztertzea.

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak parte hartuko du jardunaldian. Hain zuzen ere, Ikaselkarreko zuzendari Edurne Soraluzek argitaletxearen esperientziaren berri emango du. Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak HHrako, LHrako eta DBHrako eskaintzen dituen hezkuntza-proiektuek euskal curriculumaren garapena dute oinarrian.

Gainera, beste esperientzia batzuk ezagutzeko aukera ere izango da, hala nola, IRALE, irakasleak euskal kulturaren inguruan prestatzeko egitasmoa; Oinherri, hezkuntzan eskolaz kanpoko eragileek duten funtzioa eta lekua; EIBZ (Nafarroako gobernua), sormena eta euskal kultura eskoletara bideratzeko egitasmoa; eta Seaska, eskola orduetatik kanpoko ekintzetako hezitzaileen prestakuntza. Elkar argitaletxeko editore eta ikasmaterialgintzako edizio arduradun Katti Olaizolak dinamizatuko du saioa.

Jardunaldiari bi hitzaldik emango diote hasiera. Lehenik, EHUko irakasle Lore Erriondok euskal curriculumaren ibilbideari erreparatuko dio eta, jarraian, Iratxe Retolazak euskal curriculumaren irakurketa kritikoa egingo du.

Saretzeaz hitz egiteko beste tarte bat ere izango da, ondorengo gonbidatuekin: Nora Salbotx, Eneko Bidegain, Idurre Alonso, Haritz Azurmendi eta Ibai Iztueta.

Jardunaldiaren ondorioak eta aurrera begirakoak azalduaz emango zaio bukaera jardunaldiari, Anjeles Iztueta irakaslearen eskutik.

► Izen-ematea: Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak