Blog

'Gure Zirkua' jolas eta denbora-pasa koadernoa argitaratu du Ikaselkarrek

Ikaselkar · 2025-06-11 · Ikaselkar

Compartir

Denbora-pasak, zenbaki- eta letra-jolasak, asmakizunak, marrazkiak, eskulanak eta beste hamaika jarduera biltzen ditu koadernoak, denak ere Gure Zirkuaren bueltan, eta euskaraz.

Gure Zirkua eta bertako langile eta artistak protagonista dituen jolas eta denbora-pasa koadernoa argitaratu du Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak: Gure Zirkua.

8 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, eta denbora-pasak, zenbaki- eta letra-jolasak, asmakizunak, marrazkiak, eskulanak eta beste hamaika jarduera biltzen ditu, denak ere Gure Zirkuaren bueltan, eta euskaraz. Euskal Herrian sorturiko zirku ibiltari euskalduna da koadernoaren ardatza.  Haurrek Gure Zirkuaren familia osatzen duten kideak ezagutuko dituzte eta lantoki duten zirkuaren ezkutuko txoko guztiak arakatu eta deskubrituko dituzte.

Ane Aierbe eta Uxue Urdangarin irakasleek sortu dute koadernoa. Lehen Hezkuntzako irakasleak dira biak, eta ikasleentzako materiala sortzen ari zirela otu zitzaien koaderno hau osatzea, duela urte eta erdi inguru, ETBn “Gure Zirkua heldu da” saioa ematen ari zirela. “Sare sozialen bidez Gure Zirkuko lagunei eskuartean genuena erakutsi eta asko gustatu zitzaien; haiek hauspotuta egin genuen aurrera”, azaldu du Uxue Urdangarinek.

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko editoreen laguntzarekin lana biribildu eta Gorka Aranbururen marrazkiekin argitaratu berri da Gure Zirkua koadernoa. Gaur egin dute aurkezpena, Donostian. Bertan izan dira Ane Aierbe eta Uxue Urdangarin koadernoaren egileak, Martin Anso Ikaselkar argitaletxeko editorea, eta Gure Zirkuko kideak.

Euskal Herriko liburudenda eta ohiko salmenta puntuetan eskuratu daiteke Gure Zirkua jolas eta denbora-pasa koadernoa. Nahiago baduzu, online eskuratu dezakezu elkar.eus atarian, HEMEN.

GURE ZIRKUA

Jolas eta denbora-pasa koadernoa

Ane Aierbe Mendiola - Uxue Urdangarin Pulpon

Koaderno honetan bidaia magiko batean abiatuko zara,  herriz herri, zirkuko artisten bila. Bidean, artistak ezagutuko dituzu, eta hainbat akrobazia egingo duzu: denbora-pasak,  zenbaki- eta letra-jolasak, asmakizunak, marrazkiak, eskulanak…

  • Ane Aierbe Mendiola (Hernani, 1991) Hernaniko Urumea ikastolan LHko 1. mailako tutorea da.
  • Uxue Urdangarin Pulpon (Urnieta, 1993) Hernaniko Langile ikastolako irakaslea da, LHko lehen zikloan.