Ikaselkar · 2025-09-29 · Ikaselkar
Euskal Komikiaren Egunarekin bat egin du Ikaselkarrek

Euskal Komikiaren Eguna da gaur, irailak 29.
Euskarazko komikigintza sustatzeko asmoz, hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komikiaren Eguna ekimena abiarazi dute. Aurten egingo da lehen edizioa, eta urtero egun berean ospatuko da.
Ikaselkarrek ere bat egin du ekimenarekin. Duela hamar urte ekin genion Zientzialariak komiki-sorta argitaratzeari; "Newton. Grabitatea ekinean" komiki-liburua izan zen lehendabizikoa, eta geroztik hamaika izan dira euskaratu eta argitaratu ditugunak, azkena iaz: "Koperniko. Unibertsoaren erdigunea".
Historian zehar izan diren zientzialari eta pentsalari handienen biografiak eta lorpenak haurrei ezagutzera eman nahi dizkie Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak, euskaraz eta modu atseginean eta entretenigarrian. Hala, zientziaren historian esanguratsuak izan diren gizon-emakumeei eskainitako komikiak dira bilduma osatzen dutenak.
Helburu bikoitza du egitasmoak: batetik, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta, horri lotuta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta, bestetik, dibulgazio zientifikoaren bitartez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea, STEAM arloekin lotutako bokazioak bultzatze aldera.
Jordi Bayarri komikigilea da bildumako liburuen egilea, eta Maialen Berasategik itzuli ditu euskarara.
Zientzialariak bilduma
Hauexek dira bilduma osatzen duten aleak:
- Koperniko. Unibertsoaren erdigunea.
- Pasteur. Mikrobioen iraultza.
- Mary Anning. Herensuge-ehiztaria.
- Einstein. Jauzi kuantikoa.
- Ada Lovelace. Zenbakien liluratzailea.
- Hipatia. Egia matematikan.
- Aristoteles. Jakiteko irrika.
- Darwin. Teoriaren eboluzioa.
- Galileo. Izarren mezularia.
- Marie Curie. Radioaren aktibitatea.
- Newton. Grabitatea ekinean.

