Ikaselkar · 2024-06-13 · Ikaselkar
EKI proiektua eraginkortasunez gelaratzeko ikastaroa LH eta DBHko irakasleentzat

Irailaren 2an abiatuko da "Ezagutu EKI konpetentziak garatzeko eta ebaluatzeko" ikastaroaren edizio berri bat. Oraingoan, gainera, DBHko irakasleekin batera, LHkoek ere izango dute EKI metodologian trebatzeko aukera.
Irailean abiatuko den "Ezagutu EKI konpetentziak garatzeko eta ebaluatzeko" ikastaroaren edizio berriak berritasun nagusi bat dakar: DBHko irakasleek ez ezik, LHkoek ere izango dute ikastaroa egiteko aukera.
Lehen Hezkuntzako irakasleen aldetik EKI proiektuaren erabileran trebatzeko zegoen eskaria ikusirik, prestakuntza eskaintza osatzea erabaki da.
Irailaren 2tik urriaren 25era bitartean egingo da ikastaroa eta, ohi bezala, online modalitatean eskainiko da.
Bi helburu nagusi ditu: batetik, EKI proiektuaren ezaugarri orokorrak eta ikasmaterialaren zehaztasunak ezagutzea eta, bestetik, EKI ikasmaterialak erabiltzen ikastea. Ikastaroa amaitutakoan parte-hartzaileak gai izango dira metodologia ziurtasunez eta eraginkortasunez gelaratzeko.
Ikastaroan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago:
- Ezagutu EKI konpetentziak garatzeko eta ebaluatzeko · DBHko irakasleentzat
- Ezagutu EKI konpetentziak garatzeko eta ebaluatzeko · LHko irakasleentzat
10 urteko esperientzia ikuspegi konpetentzialean
EKI proiektuak, Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen gainontzeko ikasmaterial proiektuek bezalaxe, konpetentzien araberako ikaskuntzaren ikuspegia du oinarrian. Gaur gaurkoz Euskal Herriko 160 ikastetxe baino gehiagotan erabiltzen dute (sare publikoko zentroak, eskola erlijiosoak eta Ikastolen Elkarteko ikastolak).
Ondorengo ezaugarri bereizgarriak ditu EKIk:
- Ikaslearen irteera-profila du abiapuntu eta helmuga.
- Konpetentzietan oinarritutako ikas-irakaskuntza.
- Euskaran ardazturiko eleaniztasuna eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko baliabideak.
- Konpetentzia digitalaren garapena ikas-arlo guztietan txertaturik.
- Etengabeko ebaluazio hezitzailea bideratzeko proposamen integratua.
- Pertsona emozionalki adimentsuak eta pentsamendu kritikodunak helburu.
- Ikuspegi inklusiboa eta aniztasuna erantzuteko proposamenak eta tresnak.
Gure proiektua ezagutu nahi baduzu, jarri lasai gurekin harremanetan:
943 22 58 76 / ikaselkar@ikaselkar.eus