Blog

Ebaluaziorako tresna: EKI DBHko egoera egiaztatzaile berriak

DBH · 2024-03-15 · Ikaselkar

Compartir

EKI proiektua curriculum berrira egokitzeko egin diren hobekuntzekin batera, DBH 1 eta DBH 3ko egoera egiaztatzaileak berritzeko bidean dira.

EKI proiektua berritzeko eta hobetzeko prozesu bete-betean murgilduta gaude Ikaselkar hezkuntza-argitaletxean. Curriculum berrietara egokitzeko egin diren eguneratzeekin batera, DBHko egoera egiaztatzaileak berritzeko bidean dira.

DBH1 eta DBH3ko lehenengo bi unitateetako egoera egiaztatzaileak jada eskuragarri daude Irakaslearen gunean; eta datozen asteetan argitaratuko dira 3. unitateetakoak ere. Egoera berri hauek proposamen orokorrak dira eta ikasgelako testuingurura eta unean uneko premietara egokitu ahal izango dira.

Ebaluazio hezigarria xede

Funtsezkoa da ikasleen ikaskuntza-prozesua etengabe ebaluatzea, eta arretaz planifikatu eta garatu behar da irakasteko eta ikasteko prozesuaren baitan. Ebaluazioak ikasleen aurrerapenak identifikatu behar ditu, baita ikasleek dituzten zailtasunak ere, hobetzeko alderdi horiek zuzentze aldera erabakiak hartu ahal izateko.

EKI proiektuan ebaluazioa jarraitua eta hezigarria egitea proposatzen  da:

  • Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza-ikuspegiarekin bat dator eta ikaslearen garapen osoa hartzen da aintzat. Konpetentziak pixkanaka eta jardunez garatzen dira.
  • Behaketan, jarraipenean eta eguneroko lanean oinarritzen da; ikaslearen autorregulazio eta autoebaluaziorako tresnak eskaintzen dira. Izan ere, ikasteko funtsezkoa da ikaslea bere lorpenez eta hobetzekoez ohartzea. Horrela, pixkanaka ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren arduraduna izango da.
  • Hobeto ikasteko prozesuetan jartzen da azpimarra; ebaluazioa ez baita azken emaitza soila.

Ikuspegi hezigarrian ikasle bakoitzaren irakaskuntza prozesua erregulatu behar da; horretarako:

  • Ikasleak egiten duena ezagutu behar da: zer egiten du ongi? Zer arazo edo zailtasun ditu?
  • Arazoen edo zailtasunen zergatia ulertzea komeni da: zein dira arazo edo zailtasun horren jatorria?
  • Erabakiak hartuko ditugu: zer egin dezakegu aurrera egiten laguntzeko?

Amaierako ebaluazioa

Hiruhilekoaren amaieran ikasitakoak edo lortutakoak egiaztatuko dira ebaluazioarekin. Zer ezaugarri ditu funtzio egiaztatzailea duen egoerak?

  • Ebaluazioko zereginek testuinguruan kokatuta egon behar dute, hau da, egoera-proiektu errealak izan behar dute.
  • Egoera horiek konplexuak izan behar dute, eta haiei eraginkortasunez aurre egiteko ikasleek askotariko jakintzak erlazionatu eta hainbat trebetasun baliatu beharko dituzte.
  • Egoera horiek ikaskuntza-prozesuan landutako egoeren aldean desberdinak izan behar dute. Ikaslea ikasitakoa transferitzeko gai den jakin nahi dugu.
  • Ebaluazioak aukera eman behar dio ikasleari bere lorpenak eta hutsuneak ezagutzeko. Emaitza adieraztearekin batera, izan ditzakeen zailtasunen inguruan hausnartzen eta horiei aurre egiteko har ditzakeen neurriez jabetzen lagundu behar dio.

EKI proiektua sakonago ezagutu eta aztertu nahi duzu? Idatzi edo deitu lasai informazioa edo biltzeko eskatuz, eta gustu handiz joango gara zure zentrora:
✆ 943 22 58 76
✉ ikaselkar@ikaselkar.eus