Ikaselkar · 2025-11-19 · Ikaselkar
Berrehundik gora irakasle Ikaselkarren prestakuntza jardueretan

Aurtengo ikasturtean 12 formazio jarduera antolatu ditu Ikaselkarrek eta, orain arte, 203 irakaslek parte hartu dute ikastaro horietan.
Ikasturtearekin batera, joan den irailean abiatu zituen Ikaselkarrek HH, LH eta DBHko irakasleei zuzendutako prestakuntza jarduerak. Proiektuz proiektu, ikasmaterialen gaineko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea dute helburu formazio saio, tailer eta online ikastaroek.
Oro har, harrera oso ona izan dute antolatu diren dozena bat saioek, eta dagoeneko berrehundik gora dira formazioa jaso duten irakasleak.
IDU ikuspegian sakontzeko online ikastaroa, arrakastatsua
Ikasturte honetan lehenengoz eskaini den "Inklusioa: esku-hartzeko baliabideak · IDU" ikastaroak piztu du interes handiena. Gelan esku-hartze inklusiboagoa lortzeko baliabideen erabileran sakontzea du helburu, eta hezkuntza etapa desberdinetako 62 irakaslek eman dute izena.
Ikastaro honek bigarren txanda bat izango du urtarrilean, eta parte hartu nahi duen orok izena eman dezake jada:
- Inklusioa: esku-hartzeko baliabideak · IDU. 2026ko urtarrilaren 15etik martxoaren 26ra.
Horrez gain, beste bi online ikastaro egin dira. Batetik, gaitasun emozionalen garapenean trebatzea asmo duen KUKU! emozio-programaren ikastaroa eta, bestetik, LHko eta DBHko irakasle eta irakasle ikasketak egiten ari direnei zuzendutako Ezagutu EKI konpetentziak garatzeko eta ebaluatzeko ikastaroa. 42 lagunek eman dute horietan izena.
Bata zein bestea urtarrilean ere eskainiko dira; biak ala biak online formatuan, norberak bere erritmora eta tutore baten gidaritzapean egin dezan. Izen-emateak zabalik daude:
- LH · Ezagutu EKI konpetentziak garatzeko eta ebaluatzeko. 2026ko urtarrilaren 12tik otsailaren 27ra.
- DBH · Ezagutu EKI konpetentziak garatzeko eta ebaluatzeko. 2026ko urtarrilaren 12tik otsailaren 27ra.
- KUKU! emozio-programaren ikastaroa. 2026ko urtarrilaren 12tik apirilaren 3ra.
Azkenik, Kimu proiektuari dagokionez, Erronka, Euskara eta literatura eta Matematikako irakasleei zuzendutako aurrez aurreko tailerretan, orotara, 97 lagunek parte hartu dute oraindaino. Azaroaren 25ean, 26an 27an egingo dira hirugarren eta azken tailerrak, egileen eskutik.
Gogoratu, ikastaro hauek guztiak Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailek homologatuta daude.

