Blog

Mary Anning zientzialariaren ibilbidea biltzen duen komikia euskarara ekarri du Ikaselkarrek

DBH · 2022-06-01 · Ikaselkar

Compartir

Mary Anning. Herensuge-ehiztaria izenburupean, lehen emakume paleontologoaren bizitza eta ibilbidea biltzen duen komikia argitaratu du euskaraz Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak, Zientzialariak bildumaren baitan. Fosil bildumagile eta merkataria ere izan zen Anning.

Historian zehar izan diren zientzialari eta pentsalari handienen biografiak eta lorpenak haurrei ezagutzera eman nahi dizkie Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak, euskaraz eta modu atseginean eta entretenigarrian. 

Zientzialariak bildumako 9. komiki-liburua argitaratu berri du Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak: Mary Anning. Herensuge-ehiztaria. Lehen emakume paleontologoa, fosil bildumagilea eta merkataria ere izan zen Anning.

Umetan Ingalaterra hegoaldeko Lyme Regis-eko kosta malkartsuetan aitari laguntzen zion Mary Anning-ek fosilak jasotzen. Orduantxe hasiberria zen Paleontologia diziplinarako ezinbestekoak izan ziren aurkikuntza ugari egin zituen ogibide bihurtutako pasio hari jarraituz. 

Gehienak isilarazi egin zituen garai hartako komunitate zientifikoak. Halere, Lurrak milioika urte zituela eta bertan gizakia agertu baina askoz lehenago izaki ezezagunak eta harrigarriak bizi izan zirela zioten ideia sendotzen lagundu zuten bere aurkikuntzek. Mary Anningek tonaka arroka irauli zituen haietan iraganeko herensugeen zantzuak topatzeko.

Zientzialariak bilduma

Zientziaren historian itzal handiko izenak aurki ditzakegu azken urteotan argitara emandako Zientzialariak komiki-bilduman, hala nola, Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles, Hipatia, Ada Lovelace, Einstein eta, zerrendara batu den azkena, Mary Anning, lehen emakume paleontologoa.

Helburu bikoitza du egitasmoak: batetik, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta, horri lotuta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta, bestetik, dibulgazio zientifikoaren bitartez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea, STEAM arloekin lotutako bokazioak bultzatze aldera.

Aurreko liburuak bezala, azken hau ere Jordi Bayarri egile eta marrazkilariaren lana da. Maialen Berasategik itzuli du euskarara.

Hauexek dira bilduma osatzen duten aleak:

  1. “Marie Curie. Radioaren aktibitatea”
  2. “Newton. Grabitatea ekinean”
  3. “Galileo. Izarren mezularia”
  4. “Darwin. Teoriaren eboluzioa”
  5. “Aristoteles. Jakiteko irrika”
  6. “Hipatia. Egia matematikan”
  7. "Ada Lovelace. Zenbakien liluratzailea"
  8. "Einstein. Jauzi kuantikoa"
  9.  "Mary Anning. Herensuge-ehiztaria"