Blog

Eki DBHko Praktika onen II. Topaketan izena emateko epea zabalik da

DBH · 2022-03-21 · Ikaselkar

Compartir

Eki DBHko erabiltzaile diren irakasleei zuzenduta dago Praktika onen II. Topaketa. Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak antolatuta, maiatzaren 4an egingo da, online formatuan, eta izena emateko epea zabalik dago.

DBHn eki proiektua darabilten ikastetxeetako praktika onak ezagutzeko eta partekatzeko helburuarekin antolatu du Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak eki DBHko Praktika onen II. Topaketa. Datorren maiatzaren 4an egingo da, asteazkenarekin, 15:30etik 17:00etara.

Praktika onak izan daitezke, esate baterako, ikasleen lanak, jarduera egokituak, egoera berrituak, planifikazioak edota ebaluazioaren inguruko proposamenak, besteak beste.

DBHn eki metodologiaren erabiltzaile diren irakasleei zuzenduta dago ekimena. Bi modutara parte har dezakete interesa dutenek: hizlari, esperientzia arrakastatsu edo ekimen interesgarriren bat partekatuz, edo entzule gisa. Hizlari zein entzule aritu, irakasleen arteko elkar ezagutza eta saretzea bultzatu nahi da ekimenarekin.

Topaketa online formatuan egingo da, eta egitura hauxe izango du:

  • Sarrera.
  • 2022/23 ikasturtean eskuragarri izango diren diziplinarteko arazo-egoeren aurkezpena, eki proiektuaren egileen eskutik.
  • Praktika onak ikastetxe desberdinetako irakasleen eskutik.
    • Mariaren Lagundia ikastola. Eki proiektuan oinarrituta, ikasgaiak eremuka antolatu eta Obatu izeneko proiektua garatu du Mariaren Lagundia ikastolak. Batetik, ESL - Eremu soziolinguistikoa (Euskara, Lengua eta Gizarte) eta, bestetik, EZT - eremu zientifiko-teknologikoa (Matematika, Natura Zientziak eta Teknologia). 
    • Iturrama BHI. Diziplinarteko proiektua garatzeko abiapuntua da Eki.
    • Egape Ikastola BHI. EKI modu integral batean ezarri dute eta arlo guztiak digitalki lantzen dituzte. Bidean izandako zailtasunak eta irakaspenak azalduko dituzte eta zenbait ondorio ere aurkeztuko dituzte.
    • Eibar BHI. DBH2ko Euskara arloan ikasleek idatzitako Ohar kritikoa eta Erreportajea.
  • Saioaren itxiera.

Iaz egin zen lehen edizioa eta 5 ikastetxetako esperientziak ezagutzeko aukera izan zen: Alaitz BHI (Barañain), Aixerrota BHI (Getxo), San Viator (Gasteiz), Iparralde DBHI (Iruñea) eta Mariaren Lagundia ikastola (Bergara). Aurtengo edizioan ikastetxe eta irakasle gehiagorengana zabaltzea da asmoa.

Izen-ematea zabalik da: eki DBHko Praktika onen II. Topaketa