Plasta-plasta, parrasta!

 

Esku artean duzun Plasta-plasta, parrasta! Kuku! emozio-programaren barruan dagoen nazka lantzeko horma-irudia da.

 

Kuku! emozio-programa, Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza-programa da. Helburua da, ahozkotasuna oinarri izanda, norberaren emozioak ezagutzea, kudeatzea eta besteenak hobeto ulertzea.

 

Oinarrizko 6 emozio lantzen ditu: poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa, eta emozio hauen lanketarako hainbat baliabide eskaintzen ditu: album ilustratuak, horma-irudiak, jolasak eta emozio-txartelak. Esku artean duzun hau da horma-irudi horietako bat.

 

Elementu honek emozio eta komunikazio egoerak era bisual eta erakargarrian islatzen ditu. Hainbat erabileraren artean, elkarrizketarako, egoera eta gertakizunen inguruko bizipenak, emozioak eta sentimenduak bizitzeko eta adierazteko aukera eskaintzen du. Gainera, haurrak helduarekin edo bakarrik erabil dezake.

 

Plasta-plasta, parrasta! nazka lantzeko berariaz sortutako horma-irudia da. Nazka oso emozio primitiboa da, norbaitek edo zerbaitek sortzen duen sentsazio desatsegina gaitzestera bultzatzen duena. Arriskutsua izan daitekeen emozio bat da: gizakienganako nazka ere senti baitezakegu. Sinesmenekin, kulturarekin eta gizarte-garapenarekin oso lotuta dagoen emozioa da. Nazka eteteak intimitatea sortzen du, eta konpromiso pertsonalaren marka da (beste edozein egoeratan nazka ematen duenak maitasun testuinguruan balioa galtzen du).

Nazkaz dagoenaren aurrean:

1. Ez gutxietsi haren nazka. Gerturatu zaitez goxo. Gogoratu esaten diogunak baino
gure jarrera eta presentziak emango diola leku emozioari.

2. Lagundu hitzetan jartzen zer eta non sentitzen duen. Hitzekin moldatzen ez denak,
marraztuz adieraz dezake. Elkarrizketarako galdera-proposamenak:

  • Zer da sentitzen duzun hori? Nola sentitzen zara?
  • Non sentitzen duzu emozioa? Nola adierazten ari zara?
  • Zerk eragin dizu emozio hau?
  • Zer egin dezakezu hurrengo batean nazka beste era batera
    bideratzeko?

3. Errespetatu bestearen emozioa, baina saihestu nazka adierazpenak: ekintzara edo objektura zuzendu, pertsona babestuz.

 

Plasta-plasta, parrasta! eskutan duzuela, hona hemen elkarrizketarako pista batzuk:

  • Nor ikusten duzu nazka emozioarekin? Nola dakizu?
  • Nazkaz dagoen hori, zergatik dago horrela?
  • Zu bere egoeran, nola sentituko zinateke? Ondorioz, zer egingo zenuke?
  • Noizbait sentitu al zara horrela? Kontatuko noiz eta nola? Zer egin zenuen?
  • Pertsona bakarra al da nazka sentitzen ari dena? Heldurik?
  • Egoera berdinak nazka eragiten al die guztiei? Eta zuri? Eta niri?

 

Haurrekin hitz egin nahi denaren arabera, hainbat egoeratan erreparatu genezake. Lagungarri dira:

_ Hondartza aldean: zabor eta lata pila; irratiko zarata; harea nonahi; gainezka dauden paper-ontziak; eguzkitako krema; txakur kaka; ur hotza; zapatilen kiratsa; harea ahoan; janari ustela; euliak; algen testura; marmokak; izozki likatsua azalean; txapapotea zapaltzea; ur zikinak eta darien kiratsa; itsas animalia likatsu bat eskuetan hartzea; puzkarrak, txiza; ur motoen zipriztinak eta zarata…
_ Ur azpian: goiko ur zikinak, eguzkitako kremaren arrastoak; animalia likatsuak; txapapotea; zaborra: pardelak, konpresak, latak, lastotxoak, plastikoak, etxeko tresnak, gai toxikoak, kafe-kapsulak…

 

Haurrak emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko, garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea, eta horixe da esku artean duzun Plasta-plasta, parrasta!

 

Erantsi Kuku bildumako gainontzeko baliabideak:

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu
Cookie Politika