Bloga

Ikaselkarreko editore Idoia Arozena eta Kimu proiektuko sortzaile Junkal Lertxundi, hizlari gonbidatu 'Bikoteka' tailerrean

Ikaselkar · 2024-01-17 · Ikaselkar

Partekatu

Ikaselkarreko kide Idoia Arozena editoreak eta Junkal Lertxundi Kimu proiektuko sortzaileak 'Bikoteka' liburu grafikoentzako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartuko dute.

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko editorea da Idoia Arozena, eta Kimu proiektuko Euskara eta literatura proprosamenaren sortzaile, berriz, Junkal Lertxundi. Biak hizlari gonbidatu ariko dira Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera antolatzen duen Bikoteka tailerrean. Arozena eta Lertxundirekin batera, Pamiela argitaletxeko editore Carmen Elvirak ere parte hartuko du.

  

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko kide Idoia Arozena (editorea) eta Junkal Lertxundi (sortzailea)

Hiru hizlariek euskal albumaren edizioaren alderdi ezberdinak izango dituzte hizpide. Junkal Lertxundik eta Idoia Arozenak, beren aldetik, hezkuntza-eremuan Ikaselkarrek sortutako KUKU! eta Kimu proiektuen berri emango dute. Hain zuzen ere, bertako idazle eta ilustratzaileek berariaz sortutako obra literarioak dituzte ardatz KUKU! emozio-programak eta Kimu Euskara eta literatura proiektuak, irakurle hasiberrientzat plazer eta motibazio iturri direnak.

KUKU! emozio-programa Haur Hezkuntzan emozioak lantzeko, norberarenak ezagutzeko, erregulatzeko eta besteenak hobeto ulertzeko hezkuntza-programa da, eta ahozkotasunean oinarritzen da. Bestalde, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetarako sortu da Kimu Euskara eta literatura, irakurketa-idazketa lantzen den bitartean heziketa literarioa garatzera eta sormena sustatzera bideratuta dagoen proposamena.

 

HHko KUKU! emozio-programaren baitan, besteak beste, album ilustratuak eta horma-irudiak sortu dira.

Obra literarioak sortzeaz gain, Kimu proiektuan parte hartu duten sortzaileek unitate didaktikoak eta manipulatzeko materiala ere ilustratu dute.

Bikoteka tailerraren xedea idazle eta ilustratzaile hasiberriak bikoteka elkarlanean jartzea eta elkarlan horretatik album ilustratu bat sortzeko proiektuak bultzatzea da. Finean, album bat nola pentsatu, nola idatzi, sekuentziatu eta marraztu daitekeen landuko dute.

Aurtengo edizioa Iruñeako Kondestable jauregian egingo da urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra arte, Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak gidatuta.