Oinak lurrean pil-pilean

 

Esku artean duzun Oinak lurrean pil-pilean hau Kuku emozio- programaren barnean tristura  lantzeko dagoen horma-irudia da.

Kuku emozio-programa, hain zuzen, Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza- programa da. Helburua da ahozkotasuna oinarri izanda norberaren emozioak ezagutzea,  kudeatzea eta besteenak hobeto ulertzea.

Oinarrizko 6 emozio lantzen ditu: poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa. Eta emozio horiek lantzeko zenbait baliabide eskaintzen ditu: album ilustratuak, horma-irudiak, jolasak eta emozio-txartelak. Esku artean duzun hau da horma-irudi horietako bat.

Elementu honek era bisual eta erakargarri batez islatzen ditu emozio- eta komunikazio-egoerak. Hainbat erabileraren artean, aukera eskaintzen du elkarrizketarako, egoera eta gertakizunen inguruko bizipenak, emozioak eta sentimenduak bizitzeko eta adierazteko. Era berean, haurrak heldu batekin edo bakarrik erabil dezake.

 

Oinak lurrean pil-pilean tristura lantzeko berariaz sortutako horma-irudi bat da.

 

Tristura besteetatik oso desberdina den emozio bat da. Energia gutxitzearekin eta bizi-jardueretarako gogorik ez izatearekin lotzen da. Sistema itzaltzen denean gertatzen da tristura; neurotransmisiorik ez dago ia, eta egitura neurologikoak desaktibatuta bezala daude.

Luze iraun dezakeen emozio bat da tristura, eta galera batekin dago lotuta:
osasun-galera, lagunen baztertzea, heriotza, helburu bat ez lortzeak sortzen digun autoestimu galera, miresten dugun pertsona baten iruzurra…

 

Triste dagoenaren aurrean:

1. Ez gutxietsi haren tristura. Gerturatu zaitez goxo. Gogoratu esaten diogunak baino gehiago gure jarrerak eta presentziak emango diotela lasaitasuna eta segurtasuna.

2. Lagundu hitzetan jartzen zer eta non sentitzen duen. Hitzekin moldatzen ez denak marraz dezala. Elkarrizketarako galdera-proposamenak:

● Zer da sentitzen duzun hori? Nola sentitzen zara?
● Non sentitzen duzu emozioa? Nola adierazten ari zara?
● Zerk eragin dizu emozio hau?
● Zer egin dezakezu hurrengo batean tristura beste era batera bideratzeko?

3. Tristuraren eskalan, lagundu iezaiozu neurria jartzen: oso triste, nahiko triste, edo tristura txikia, handia…

4. Eman denbora sentitzen ari den tristurak lekua har dezan. Izan enpatikoa.

5. Datozen ordu, tarte edo egunetan arreta handixeagoa ipini iezaiozu.

 

Oinak lurrean pil-pilean eskuetan duzuela, hona hemen elkarrizketarako arrasto batzuk:

 ● Nor ikusten duzu triste dagoela? Nola dakizu?
 ● Triste dagoen hori zergatik dago triste?
 ● Zu haren egoeran bazeunde, nola sentituko zinateke? Ondorioz, zer egingo zenuke?
 ● Noizbait sentitu al zara horrela? Kontatuko duzu noiz eta nola? Zer egin zenuen?
 ● Pertsona bakarra al dago triste? Heldurik?
 ● Egoera berak tristura ematen al die guztiei? Eta zuri? Eta niri?

 

Haurrak adierazten duen tristuraren arabera, zenbait egoerari erreparatu dakieke. Lagungarri dira:

Hiri aldeko leihoan dagoen haurra, gelan txokoan bakarrik dagoena, aulkian negarrez dagoen haurra, balkoian haserretuta dagoenaren alboan dagoen gizonezkoa, eraikuntzaren aurrean dagoen neskatila, leihoko landare lehorra, gaixorik dagoen haurra, kalean espaloian eserita dagoen haurra, balkoian itxirik dagoen txakurra, autobusean doan mutila, ile-apaindegitik ateratzen ari den mutikoa, hildako usoaren ondoan dagoen garbitzailea.

Lur azpi aldeko natura hilik agertzen den zabortegi ingurua, bidean galduta dagoen sagu-familia, galdutako jostailua, giltza eta txupetea, hildako txakurraren hezurdura.

 

Haurrei emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko, garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea, eta horixe eskainiko dizu esku artean duzun Oinak lurrean pil-pilean honek. Erantsi Kuku bildumako gainontzeko baliabideak:

Tikili-tokolo zirkuan. Beldurra lantzeko horma-irudia.
Firin-faran kalejiran. Poza lantzeko horma-irudia.
Emozio-txartelak.
Haserrea ipuina.
Sorpresa ipuina.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu
Cookie Politika