Sorpresa

 

Esku artean duzun Sorpresa hau Kuku emozio-programaren barnean sorpresa lantzeko dagoen album ilustratua da.

 

Kuku emozio-programa, hain zuzen, Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza-programa da. Helburua da ahozkotasuna oinarri izanda norberaren emozioak ezagutzea, kudeatzea eta besteenak hobeto ulertzea.

 

Oinarrizko 6 emozio lantzen ditu: poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa. Eta emozio horiek lantzeko zenbait baliabide eskaintzen ditu: album ilustratuak, horma-irudiak, jolasak eta emozio-txartelak. Esku artean duzun hau da album horietako bat.

 

Album ilustratuak eta ipuinak haurraren behar esanguratsuak asetzeko tresna indartsu bat dira. Emozionalki osasuntsu hazteko tresna dira, bizitzako gatazkei aurre egiteko indar terapeutikoa. Pentsamendua garatzearekin batera, kategoria intelektualak eraikitzen ditu haurrak, eta bidaia luze horren adierazle nagusia hizkuntza da.

Sorpresa eskuetan duzuela, hauexek elkarrizketarako arrastoak:

Irakurri aurretik:

● Zer ikusten duzu azalean? Nor dago? Nola dago mutikoa?
● Zeren ingurukoa izan daiteke istorioa? Zer gertatuko da? (aurreratzeak eta hipotesiak)

 

Irakurtzerakoan:
      ● Zer gertatzen zaio Manexi? Nola sentitzen da?
      ● Zer du gustuko Manexek? Eta zuk?
      ● Nola sentitzen da Manex lagun artean? Noizbait gertatu al zaizu hori? Eta nola sentitu zara?
      ● Zu nola sentituko zinateke hark bezala estropezu egingo bazenu? Zer egingo zenuke?
      ● Medikuarenera joan eta noizbait sentitu al zara Manex bezala? Kontatuko duzu noiz eta nola?
      ● Medikuak betaurrekoak behar dituela esatean, zer aurpegi ipintzen dituzte? Zer emozio adierazten dute?
      ● Zuk nola ikusten duzu zure ingurua? Zerbait lauso ikusten duzu?
      ● Zer sorpresa desatsegin gogoratzen dituzu? Nazka eragin zizutenik?
      ● Zer sorpresa atsegin gogoratzen dituzu?

 

Haurrei emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko, garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea, eta horixe eskainiko dizu esku artean duzun Sorpresa honek. Erantsi Kuku bildumako gainontzeko baliabideak:

Firin-faran kalejiran. Poza lantzeko horma-irudia.
Tikili-tokolo zirkuan. Beldurra lantzeko horma-irudia.
– Oinak lurrean pil-pilean. Tristura lantzeko horma-irudia.
Emozio-txartelak.
Haserrea ipuina.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu
Cookie Politika